Pedro Espesoren memoria, bizi-bizirik

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 10a, 11:35

Gernika taldeak Pedro Espeso II. Memoriala irabazi du. Memoriala urtarrilaren 5ean antolatu zuen Hegalariak areto futbol taldeak Sondikako Gorondagane kiroldegian. Gernikak 0-3 irabazi zien sondikatarrei; eta 2-1 Sasikoa taldeari. Partidak jokatu eta gero, hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan zuten jokalariek, epaileak eta klubeko zuzendariek. Dena dela, emaitzak ez zuen garrantzirik eduki. Izan ere, Hegalariak taldearen Pedro Espeso delegatuari omenaldia egitea zuen helburu lagunarteko txapelketa horrek. Espeso 2006. urtean hil zen. Eta Hegalariak taldekideen ustez, bete-betean asmatu dute aurten ere, kiroldegian lagun asko bildu zelako eta giroa apartekoa izan zelako. Beste alde batetik, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete gonbidatutako talde biei, eta Gernika taldearen Karlos Ojanguren argazkilariari ere, argazkiak doan egiteagatik. Irudiak www.gernikafutbolsala.com web gunean daude ikusgai.