Euskal Herriko sinbologia, Derion ikusgai

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 22a, 09:24

Derioko Txoriberri kultur elkarteak “Grabatua eta sinbologia Euskalerrian” erakusketa antolatu du abendua eta urtarrilaren bitartean. Bertan, euskal ohitura eta ikurrak batu dituzte marrazki eta eskulturen bidez. Horrezaz gainera, erakusketara hurbildu denak hainbat euskal eraikuntzaren esangura ezagutzeko aukera izan du. Horretarako, diaporamak erabili dituzte Txoriberri elkartekoek. Beste alde batetik, Deriori buruzko argazki-liburua ere jarri dute salmentan erakusketan. Baina hau ez da Txoriberrik egin duen lehenengo ekimena. Izan ere, elkarteak 18 urte bete ditu, eta ibilbide horretan jendea euskal ohituretara hurbiltzea izan du helburu. Erakusketa dela-eta, Santi de Domingo elkartekidea pozik agertu da. “Jakin badakigu erakusketa ez dela beste alditan egin ditugunak bezain ikusgarria, leku gutxi izan dugulako eta lonja atontzeko izugarrizko lana hartu behar izan dugulako. Hala ere, lagun dezente etorri dira eta pozik gaude”.