Inauteriak prest!

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 22a, 09:32
Otsailak mozorroz beteko ditu Txorierriko kaleak, eskolak eta txokoak. Datorren hilean zehar Inauteriak ospatuko dira, eta, dagoeneko, Udalak eta kultura taldeak jo ta ke dabiltza egitarauak prestatzen. Edizioa itxi orduko, egitarau hauen berri izan dugu. Hala ere, adi egon, mozorroa janzteko aukera gehiago egongo baitira. Zamudion otsailaren 2an, zapatuz, eta 3an, domekaz, ospatuko dituzte Inauteriak. Zapatuan mozorro eta karaoke lehiaketak izango dituzte arratsaldeko 5:30etik aurrera ludotekan, eta hurrengo egunean, tostada lehiaketa, dantza eta mozorro txapelketa egingo dituzte Adintsuen Etxean. Ekitaldioi arratsaldeko 7:30ean emango diete hasiera. Gainera, liburutegikoek umeei zuzendutako mozorro tailerra antolatu dute urtarrilaren 26an. Tailerra 11:30ean hasiko da. Loiun ere ospatuko dituzte Inauteriak otsailaren 2an. Arratsaldeko 5etan haurrentzako parkea zabalduko da Zabaloetxeko pilotalekuan eta 18:30ean pailazoek hartuko dute txanda. Triki-poteoari 19:00etan ekingo diote eta 22:00etan herri afaria izango dute Landatxueta jatetxean. Ostean, gau-pasa egingo dute bertako diskotekan. Ekitaldi horiek Beti Lagunak jai-batzordeak antolatu ditu, eta Udalak umeei zuzendutako mozorro jaia egingo du otsailaren 5ean. Jaia arratsaldeko 6etan izango da frontoian eta Pinpoil taldeak girotuko du. Ostean, txitxiburduntzi eta txokolatada egongo dira. Antzerkia, kalejira eta berbena Beste alde batetik, otsailaren 1ean, 14:30ean, eskolako umeentzako antzerkia egingo da Kultura Aretoan. Zirko Ttipia taldeak Giriguai ikuskizuna eskainiko du bertan, eta arratsaldeko 7etan Txan Magoaren saioa ikusteko aukera egongo da. Hurrengo egunean hainbat ekitaldi izango dira arratsaldeko 7etatik aurrera frontoian: artista lehiaketa, herri afaria, mozorro lehiaketa, saloi-dantzak… Derion kalejira antolatu dute otsailaren 1ean. Hori goizeko 10:45ean aterako da herri ikastetxetik. Ostean hainbat ekitaldi egingo dituzte Herriko plazan. Arratsaldeko 6etatik aurrera, dantzen agerraldia, musika eta txokolatada izango dira kiroldegian. Larrabetzun, azkenik, berbenari ekingo diote 17:15etik aurrera kiroldegian. Berbena otsailaren 1ean egingo dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).