Tximintxek bost urte bete ditu

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 11a, 14:06
Lehendabiziko ekitaldia 2002. urteko abenduan antolatu bazuten ere, Tximintx Derioko euskara elkartearen sorrera ofiziala 2003. urteko otsailean izan zen. Bost urte igaro dira dagoeneko. Hasiera ez zen erreza izan: duela bost urte ez zuten ez dirurik, ez lokalik, ez langilerik, ez bazkiderik. Gaur egun, berriz, 100 bazkidetik gora daude elkartean, lokala badute, eta langile bat lanaldi-erdian kontratatuta. Komunikazio-tresnak ere badituzte: www.blogari.net/tximintx bloga, hain zuzen ere. Iaz 25.000 euroko aurrekontua izan zuten. Tximintxek kalitatezko kultur emanaldiak antolatu ditu bost urte hauetan. Deriotik hainbat lagun pasatu dira euskara taldearen eskutik: Joseba Iriondo, Asisko Urmeneta, Oskorri, Arkaitz Estiballes… Horrezaz gainera, Olentzero antolatzen dute urtero Ipar-Alde abesbatzarekin batera, eta Kanporamartxo ospakizuna berreskuratu dute. Lau urtean bertso-bazkaria egin dute San Martin inguruan, eta kontzertu euskaldunak antolatzen dituzte San Isidro jaietan. Beste alde batetik, Berbalagun ekimena jarri zuten martxan orain dela hiru urte. Proiektu horretan 60 pertsona baino gehiagok hartu dute parte bost urteotan. Derioztarren euskara liburuan eta CDan herriko hizkera batu dute, eta hainbat ikastaro ere egin dituzte. Era berean, partehartze aktiboa dute Derion antolatzen diren ekintzetan: euskararen aldeko jaietara autobusak antolatzea edo Euskararen Egunaren antolakuntzan laguntzea, esate baterako. Tximintx euskara elkarteak Aikor! aldizkariaren erredakzio taldean hartzen du parte Bestorrene kolektiboaren bidez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).