200 lagunetik gora manifestazioa egin dute Derioko kaleetatik
Esker abertzaleak greba orokorrerako deialdia egin du gaurko, ANV eta EHAK alderdien aurkako ilegalizazio prozesuak salatzeko. LAB sindikatuak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bat egin dute deialdiarekin. Txorierrin ere kontzentrazioak eta lanuzteak izan dira, baina ez da istilurik egon goizean.
Deitzaileen datuen arabera, komertzioak, eskola, haurreskola, banketxeak eta taberna guztiak –bi izan ezik- itxita izan dira Larrabetzun. Era berean, 151 pertsona batu dira eguerdiko kontzentrazioan. Sondikan, berriz, taberna eta komertzio gehienak zabalik egon dira, eta eskolako irakasle batzuek egin dute greba. Herri horretan ez da kontzentraziorik egon. Lezaman ere zabaldu dute komertzio gehienek, bizpahiru bat izan ezik, eta herri eskolako irakasle batzuk baino ez dira grebara joan. Kontzentrazioan 25 lezamarrek hartu dute parte. Zamudioko eskola itxita izan da eta zazpi bat komertziok egin dute bat grebarekin. Udaletxearen aurrean 40 lagun batu dira.
Manifestazioa, Derion
Beste alde batetik, denda eta taberna gehienek zabaldu dute Derion. Hala ere, institutua eta eskola itxita izan dira. Eguerdiko ordu-batak aldera Txorierri osotik etorritako 213 lagun batu dira udaletxeko plazan, eta manifestazioa egin dute herriko kaleetatik, “Euskal Herriaren eskubideen alde. Estado de excepción STOP†lelopean. Manifestazioa amaitu ostean, grebak komunikabideetan zabaldutakoa baino oihartzun handiagoa izan duela zirtatu du LAB sindikatuko ordezkari batek, eta helburua bete dutela, “gure afiliatu guztiak kalera atera direlakoâ€. Horrezaz gainera, martxoko hauteskundeetan independentismoaren aldeko botoa ematera deitu du, eta arratsaldeko ekitaldietan parte hartzera animatu ditu txorierritarrak. Arratsaldeko 5:30ean auto-karabana bat aterako da Sondikatik, eta iluntzeko 8etan kontzentrazioak izango dira udalerri guztietan.
Azkenik, enpresa gutxik egin dute greba Txorierriko industrialdeetan eta goizean zehar lasaitasuna nagusi izan da bertan zein Teknologi Parkean.