Euskarazko Film Laburren Zirkuitua Deriora ailegatuko da hil honetan

Aikor aldizkaria 2008ko api. 2a, 09:47
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren bosgarren edizioa aurkeztu berri du. Zirkuitua hamar laneko 38 emanaldik osatzen dute eta apirilaren 3tik 15ean egingo dute Euskal Herrian zehar. Zirkuitua apirilaren 25ean, barikuz, ailegatuko da Txorierrira; Deriora, hain zuzen ere. Gurea Aretoan film labur hauek eskainiko dira: Unrest eta All about Eves (Gentzane Agirre), Azken trena (Mikel Alvarez), Columba Palumbus (Koldo Almandoz), Momorro (Asier Mendoza), Itzalak (Iñigo Kintana), Ardauaren negarra (Logela Multimedia), Anteojonudoak (Kalageli taldeak), Zeruari (Gaizko Fanarraga eta Ibon Antuñano) eta Bestaldean (Trastaka Ekoizleak). Azken hirurak Topaguneak antolatutako Euskal Herriko Ikus-Entzunezkoen Rallyaren hiru edizioetan saritutako lanak dira. Emanaldia iluntzeko 9:30ean izango da eta horren ardura Tximintx Euskara Elkarteak hartuko du. Plaza berriak euskal egileentzat Film Laburren Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta federazioa osatzen duten euskara elkarteek aukera ematen dute euskarazko film laburren produkzioa ezagutarazteko. Era berean, ekarpena egiten dute herrietako kultur eskaintza aberasteko. Federazioak bere gain hartzen du filmak bilatzeko, aukeratzeko eta banatzeko lana, eta nahi duten elkarte guztiei euren herria zirkuituan sartzeko aukera ematen die. Beste alde batetik, Zirkuituak plaza berriak eskaintzen dizkie euskal egileei, euren lana ezagutzera eman dezaten. Antolatzaileek apustu berezia egingo dute aurten. Izan ere, zirkuituan ´beteranoak’ diren Almandoz eta Kintanaren lanekin batera, bidea egiten hasi diren Gentzane Agirre edo Asier Mendoza, besteak beste, gonbidatu dituzte bosgarren ediziora. Ikusleak eta egileak elkarrengana hurbiltzea ere beste helburuetariko bat da. Hori dela-eta, saio askotan solasaldia egingo da egileekin proiekzioaren ondoren.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).