Zapatura arte ‘Euskal Pilota Herriz Herri’ erakusketa ikusteko aukera egongo da Larrabarri Derioko baserrian. Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiko ekimena da eta herri ikastetxeetako seigarren kurtsoko ikasleei dago zuzenduta. Hala ere, Mankomunitateak ekimenean parte hartzeko gonbidapena luzatu die Txorierriko ikastetxe pribatuei, eta herritarrak ere bertara hurbildu ahalko dira, euskal pilotaren nondik norakoak ezagutzera. Horretarako, bisita ireki bi egingo dituzte: bata bihar izango da arratsaldeko 5etan; eta bestea, zapatuan goizeko 10etan.
Iñigo Gallaga erakusketaren koordinatzaileak azaldu digun moduan, ekimenak euskal pilota mundua gaztetxoei hurbiltzea du helburu. “Gehienek eskupilota ezagutzen dute, baina kirol honen barruan modalitate gehiago daude. Eta altxor hori ere ezagutzea inportantea daâ€.
Panelen bidez pilotak urteetan zehar izan duen bilakaera azaltzen da. Era berean, frontoi ezberdinetako maketek, palek, pilotari ezagunen historiak, bideo batek eta kirol honen inguruan dauden hainbat bitxikeriak, besteak beste, osatzen dute erakusketa.
Beste alde batetik, gaztetxoek pilotak egiten eta takoak jartzen ikasten dute monitore biren laguntzarekin, eta frontoian zesta-punta eta xare modalitatean aritzeko aukera izaten dute. Iker Villa larrabetzuarra eta Aitor Erauzkin pilotaria monitore dabiltza erakusketan. Irakasleei ere materiala ematen zaie, klasean lan dezaten.
‘Euskal Pilota Herriz Herri’ erakusketa ibiltaria da eta Bizkaiko hainbat herri bisitatu du dagoeneko. Antolatzaileek datorren urtean Txorierrin berriro izatea espero dute.