Errebindikazio Eguna, Kurtzen

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 18a, 14:12

Kurtze auzoko etxebizitza-blokeetako administratzaileek eta Lezama Bizirik auzo elkarteak Errebindikazio Eguna antolatu dute zapaturako. Izan ere, aspalditik dabiltza auzoan hainbat hobekuntza eskatzen, “eta orain arte kasu gutxi egin digute. Hitzak entzun ditugu; baina ekintzak, bat ere ez”. Auzokoek Kurtze hirigunearekin lotzen duen espaloia konpontzeko eskatzen dute, baita errepidearen ezkerreko aldean beste espaloi bat egiteko ere. “Hogei urtean egin diren hobekuntzak errepidean izan dira, eta oinezkoentzako espaloiak egoera negargarri eta arriskutsuan jarraitzen du. Oinbideak beharrezkoak dira; Kurtzekoentzat ez ezik, lezamar guztiontzat ere”. Beste alde batetik, eta azaldu duten moduan, auzotik errepide nagusira sartzea arriskutsua da, eta istripu batzuk izan dira jadanik. Horregatik beharrezko segurtasun-neurriak hartzeko exijitzen dute. Era berean, Kurtzen berdegunea egiteko eskatzen dute. Zapatuan argazki erakusketa izango da Kurtzen, auzo horretako lagunek dituzten zailtasunak salatzeko. Horrezaz gainera, kirol txapelketak –ume-autoak eta guzti- egingo dituzte auzo eta udaletxearen arteko tartean zehar, eta kopaua eskainiko dute auzoko “bulebarrean”.