Alberto eta Manu, Txorierriko Frontenis Txapelketa

Aikor aldizkaria 2008ko uzt. 14a, 14:51

Iazko edizioa irabazi eta gero, Alberto eta Manu berriro nagusitu dira Txorierriko Mankomunitateak antolatutako Frontenis II Txapelketan. Sondikako jaiak zirela, herri horretako pilotalekuan jokatu zen finala. Bertan, Alberto eta Manuk 30-16 irabazi zieten Mikel eta Iñaki Leonardo anaiei. Partida polita izan zen eta txapeldunek oso akats gutxi egin zituzten. Finalerdian Lezamako Txelis eta Raúl hartu zituzten mendean. Bikote trebea dugu Sondikako Alberto eta Manu; izan ere, bere herriko Udalak egiten duen txapelketa bi aldiz irabazteaz gain, Bigarren Mailako Bizkaiko txapela ere eraman dute etxera. Guztira, 16 bikotek hartu zuten parte Txorierriko Txapelketan: Lezama, Zamudio, Derio eta Sondikatik etorritako lau bikoterik onenak, hain zuzen ere. Sondikako Hegalariak areto-futbol taldekoak epaile aritu ziren eta euren esanetan oso giro polita egon zen txapelketan. Kepa Loizaga eta Jon Ibarrondo Sondikako Udaleko zinegotziek eta Igotz López Zamudioko Udaleko zinegotziak banatu zituzten sariak.