Aurten 917 umek eta gaztek eman dute izena Txorierriko udal udalekuetan: 226, Sondikan; 80, Loiun; 258, Derion; 125, Zamudion; 138, Lezaman; eta 90, Larrabetzun. Horiek hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izan dute: tailerrak, irteerak, jaiak, kirola, txapelketak... Halako egitasmoak oso aberasgarriak dira umeentzat hainbat arrazoiengatik: lagunekin elkartzen direlako eta kanpoko ekintzak egiten dituztelako, besteak beste. Eta guraso askorentzat ere mesedegarriak dira, horiei esker, lanean dauden bitartean seme-alabak nork zaindu daukatelako. Udalekuak uztailean amaitu dira herri gehienetan; hala ere, Zamudioko umeek abuztuan zehar ere ekintza sorta zabala edukiko dute denbora librez gozatzeko.