Goiherri taldeak Sokatira Munduko Txapelketa irabazi du 560 kiloko kategorian. Txapelketa lurraren gainean izan da eta Stenungsund hirian (Suedia) egin dute hilaren hasieran.
Euskal Herrira ailegatu bezain pronto izugarrizko harrera jaso zuen taldeak: Mikel Arieta-Araunabeña Erandioko alkateak eta herritarrek ongi etorria eman zieten tiratzaileei aireportuan bertan. Aurreskua eta guzti dantzatu zen txapeldunen omenez. Jose Luis Orozko ‘Txelis’en mutilak kamioiz heldu ziren Erandiora eta han merezitako jaia ospatu zuten auzokideekin.
‘Txelis’ entrenatzailea pozik azaldu zen. “Sailkapen ona espero genuen, baina irabazi izana egundokoa izan da. Zail eduki dugu titulua eskuratzea, talde onen kontra aritu baikaraâ€. Erandiogoikoko mutilak Ipar Irlandako Garagh taldearen aurka aritu ziren finalerdian; eta Ingalaterrako Sandshurst taldearen kontra, finalean. Beste alde batetik, 640 eta 720 kiloko kategorietan ere hartu zuen parte Goiherrik, baina ezin izan zuen lehenengo postua lortu.
Goiherri sokatira taldea 2004. urtean ere izan zen munduko txapelduna, eta bigarren postua lortu zuen 1988. urtean Suedian. Lurra alde batera utzita, gomaren gainean ere badituzte txapelak: 1990. eta 1991. urteetan lortutakoak, esate baterako. Goiherrik hiru urte eman ditu txapelketa ofizialetan parte hartu barik, nazioarteko federazioak ez baitzuen ontzat hartzen sokatira euskal federazioa. Arazoak azaro, klub moduan utzi diete parte hartzen Suediako txapelketan; selekzio moduan, ordez, ezin dira lehian aritu.