Arbolantzak etapa barria hasi dau aurtengo ikastur

Aikor aldizkaria 2008ko urr. 7a, 11:43

Arbolantza alkarteak urteak daroaz pelotaren alde behar egiten Zamudion, eta urtero 20-30 ume aritu dira bertako pelota eskolan. Halanda be, beherakada haundia izan zen igaz eta ikasturte amaieran hiru ume baino ez ziran lotu eskolan. Alkartearen arduradunek beharragaz ez jarraitzea erabaki dabe, eta Udalak Iker Amarika pilotariarengana jo dau arazoari konponbidea emoteko. Amarikagaz batera Iñigo Amarika eta Edorta Bilbao zamudioztarra ibiliko dira koordinatzaile eta entrenatzaile, hurrenez hurren. Talde barriak gutun pertsonalizatu bana agindu deutse herriko mutiltxo zein neskato guztiei, eta pelota saioak antolatu dabez herri ikastetxean. Ekintza horreek umeak eskupelota munduan hastera animatzea izan dabe helburu, eta lortu da, 12 umek izena emon baitabe eskolan. Entrenamenduak martitzenetan eta eguenetan egiten dira, arratsaldeko 4:30etik 6etara bitartean, eta gura dauanak Zamudioko frontoiraino hurbildu daiteke informazinoa eskuratzeko. Pala neskeentzat Beste alde batetik, pala taldea be sortu dabe neskatoei zuzenduta. Gitxi dira eskupelotan hasten diran neskak eta hasten diranek kadete mailara ailegatzen diranean ixten dabe, pelota gogorragoa erabilten baita. “Pelota kirol aberatsa da eta modalitate asko ditu. Neskak palaren bitartez mundu honetara hurbiltzea nahi dogu, eta ondoren eurek aukera daien”. Entrenamenduak bariku arratsaldean dira eta Zamudioko Jon Ander Bilbao dabil entrenatzaile.