Euria parra-parra bota eban domekan; halanda be, eguraldi txarrari desafio egin eta ehunka lagun hurbildu ziran Zamudioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokeara.
Azokea baserri arloko hitzordurik garrantzitsuena da eta hamalaugarren aldiz egin dabe aurten. Euria zala-eta karpa erraldoia imini zan eta han lekua izan eben herritarrek, bisitariek eta ekoizleek. Salgai jarri ziran produktuen artean, honeek aipa daitekez: gaztaia, frutak, ogia, barazkiak, txakolina, kontserbak... Sariak be emon ebezan: ortuariak, Adela Andikoetxea; gaztaia, Jesus Aranburu; frutak, Floren Txurruka; txakolin baltza, Maximiano Agirre; txakolin gorria, Agustin Olazabalaga ‘Sasikoetxe’; txakolin zuria, Jose Etxebarria; baserritar janzkera, Javi Aretxabaleta; eta abereen janzkera, Luis Angel Zarate.
Bizkaiko Limusin Abelgorrien XVI. Txapelketea be egin zan azokearen egitarauaren barruan. Txapelketean 90 buru inguruk hartu eben parte eta Juan Carlos Santistebanek sari guztiak eroan ebazan: behirik onena, zekorrik onena eta ganadutegirik onena.