Azaroaren 9a domekea izan zan eta egun horrek musikaz, taloz eta tailerrez jantzi eban Sondika. Egun paregabea! Bost zentzumenak beharrean jarri ziran udazkeneko asteburu bukaeran, eta goizeko 10etatik eguerdiko 14,30ak arte urteroko Eskulangintza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egin zan hamabigarren aldiz. Egiaztatu ahal izan genduanez, denboreak aurrera egin ahala, azokea gero eta indar gehiago hartzen doa: alde batetik, gero eta jente gehiago erakartzen dau eta, bestetik, giro itzela sortzen da bertan.
Lau gune nagusi bereizi ziran azokearen azken edizioan: jakiak, eskulangintza, landako tresneria eta abeltzaintza. Goizean zehar hainbat ekitaldi antolatu ziran eta hareen artean honakoak izan ziran garrantzitsuenak: ardien ule moztearen erakustaldiak eta bertoko produktuen dastakatea. Besteak beste, Bizkaiko txakolina, Idiazabal gaztaia eta euskal pastela dastatzeko aukerea euki eban publikoak.
Umeek be ez eben aspertzerik izan, eurentzako jarduera sorta zabala antolatu zan eta: narrua, papera, xaboiak eta patchwork-ak landu ziran artisautza tailerrak eta talo eta gaztai tailerrak. Poniak be egon ziren.
Eguzkipean lagun asko batu ziran eta dan-danek helburu bera euki eben: ederto pasatea osteango domekakaz zerikusirik ez eukan egun baten.