Artetxe eta Hormaetxe txorierritarrak urtarrilean

Aikor aldizkaria 2008ko abe. 12a, 09:11
Txorierriko Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duen moduan, Alaitz Artetxe lezamarra eta Arkaitz Hormaetxe zamudioztarra urtarrilean epaituko dituzte Madrilgo Audientzia Nazionalean beste bederatzi lagunekin batera. Epaiketa urtarrilaren 12an, 13an, 14an eta 19an egingo dute. Hormaetxeri erakunde armatuko kidea izatea leporatu diote, eta fiskalak bederatzi urteko espetxealdia eta hamar urteko kargu publikorako gaitasungabetzea eskatu ditu berarentzat. Artetxeri erakunde armatuari laguntza ematea egotzi diote, eta fiskaltzak hauek eskatu ditu neskarentzat: sei urte eta erdiko espetxealdia, 3.920 euroko isuna eta 12 urteko erabateko gaitasungabetzea. Amnistiaren aldeko mugimenduaren arabera, txorierritarrak Estatu espainolak diseinaturiko salbuespen-epaitegi batera deitu dituzte. Horregatik, deia zabaldu diete txorierritar guztiei, epaiketa egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. “Alaitzi eta Arkaitzi eta euren senitartekoei herriaren babesa emateko”. Atxiloketak Polizia nazionalak 2005. urteko otsailean atxilotu zituzten Alaitz eta Arkaitz neskaren etxean. Garzon epaileak mutila atxilotzeko agindua eman zuen, baina etxearen miaketan Zutabe aldizkaria topatu eta Alaitz ere eraman zuten atxilo. Inkomunikatuta egon ziren egunetan tratu txarrak eta mehatxuak jaso zituztela salatu zuten gazteek. Garzon epailearen aurrean deklaratu ostean, Soto del Realeko espetxera eroan zituzten eta handik hainbat kartzeletara aldatu zituzten. Alaitz hurrengo urtearen apirilean atera zen kalera, 24.000 euroko fidantza ordaindu ostean; Hormaetxe 2007. urteko urtarrilean irten zen kartzelatik. Gazteak 12.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).