Aikor! aldizkariak zazpi urte bete berri ditu eta hitzordua atzo izan genuen Arbilduko San Migel ermitan, Lauroeta auzoan. Historia handiko ermita da hori, izan ere, Uribeko Merindadearen batzar orokorrak bertan egin ziren hainbat urteetan. Besteak beste, Sondikak, Loiuk, Deriok, Zamudiok, Lezamak, Larrabetzuk, Begoñak, Gamizek eta Arrankudiagak osatzen zuten Uribeko Merindadea, eta Arbildua batzarlekutzat erabiltzen zuten, merindadearen erdigunea ei zelako. Era berean, ermita bandokideen arteko borrokaldien lekukoa izan zen 1427. urtean. Bizkaiko korrejidoreak batzarrera deitu zuen Arbilduan urte horretan, orduko bando nagusien artean –Fortun Sanchez eta Areskurenagako Juan Ortiz- bakea lortzeko asmoz. Juan Ortiz gizon armadunakaz agertu zen eta, korrejidoreak hura preso hartzeko agindua eman zuenean, Ortizen aldeko batek baleztaz hil zuen. Hiltzailea eta Juan Ortiz atxilotu eta exekutatu egin zituzten.
Oso leku berezia da Lauroetakoentzat eta auzokideek momentu inportante asko bizi eta antolatu dute haren inguruan. Ermita eszenatoki bitxia bihurtu zen egun batean, Aikor! aldizkariaren zazpigarren urteurrena hartzeko.
Kanpai-hotsa entzun eta barrura sartu ziren lagunak. Ermitan 150 euskaltzale inguru batu ginen eta gure artean, Patxi Uribarren euskaltzaina, Jose Elorrieta ELA sindikatuaren idazkari nagusi ohia, Kepa Altonaga eta Juan Luis Goikoetxea euskaltzain urgazleak, Lontxo Zugazaga, Etxahun Lekue bertsolaria, Iñaki Gaminde hizkuntzalari eta ikertzailea, Gotzon Barandiaran idazlea eta Katamalo proiektuaren taldekideak, Juan Migel Atxutegi Mankomuniteteko presidentea, Sorkunde Aiarza Zamudioko alkatea, Txorierriko zinegotziak, Pedro Mari Goikoetxea kazetaria, Txorierriko hainbat elkarteren ordezkariak eta Joxe Rojas Topaguneko teknikaria izan ziren. Eta zer esanik ez, aikor!lagunak eta aldizkaria urtez urte hazten ikusi duten lagunak, kolaboratzaileak, laguntzaileak eta lankideak.
Omenaldia Martin Orberi
Aurreko edizioetan bezala, Udane Goikoetxeak zuzendu zuen ekitaldia eta hitza eman zien hizlari, musikari eta protagonistei: Etor Irazola Loiuko kultura zinegotzia, Tor magoa, Xabier Goienetxe aldizkariaren zuzendaria, Iñaki Iurrebaso Aztiker enpresako ikerlaria, Xabier Amuriza bertsolaria eta Joseba Tapia trikitilaria.
Harreman estua du Amurizak Arbildua ermitarekin, seminarioko azken urteetan bertan ibili baitzen katekista. Azken 30 urteotan, ia hutsik egin barik, bertsotara etorri da auzo honetara.
Mikel Zarate abade eta idazle lezamarra ere ermitako abadea izan zen, harik eta hil zen arte. Sarreran marmolezko plaka dago haren oroimenez.
Beste alde batetik, ezin dugu ahaztuta utzi ermita honetan igandero meza eman duen apaiza: Martin Orbe. Eta Orbek hain zuzen ere, jaso du aurten aikor!saria, euskararen alde egindako balio handiko beharrarengatik. Ustekabean harrapatu genuen. Ekitaldira erdi engainatuta etorri zen eta momentu hunkigarriak biziarazi zizkigun, saria hartu zuenean. Beste saritua Arlan enpresa izan zen.
Sariak banatu ostean, Aurregoiti jatetxean batu ginen berriro. Lagunekin hitz egin eta aspalditik ikusten ez genituenak agurtzeko unea eduki genuen. Jatetxean giro ederra izan zen eta batzuk berandu arte luzatu ziren. Jendea gustura egon zen; eta gu, gusturago.
Festak