Korrikaren 16. edizioa martxoaren 6an aurkeztuko da Txorierrin. Ekitaldia arratsaldeko 8etan izango da Derioko Gurea Aretoan. Euskararen aldeko lasterketaren zehaztasunak azaltzeaz gainera, Bertoko taldearen emanaldia egongo da eta luncha eskainiko da. Baina ez da Korrikaren inguruan bailaran izango dugun ekitaldi bakarra. Elkarteak eta taldeak buru belarri ibili dira lanean eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunotan.
Martxoaren 12an, goizeko 10, 30ean, Giriguay saioa eskainiko die Zirko Ttipia taldeak eskoletako umeei Zamudioko kiroldegian; eta hilaren 27an korrika txikia egingo da Derion, eskoletako umeei eta institutuko gaztetxoei zuzenduta. Egun horretarako ere bertso-afaria antolatu dute Zamudion. Afaria gaueko 9etan egingo dute Zortzi jatetxean eta bertan Unai Iturriaga, Etxahun Lekue eta Igor Elortza bertsolariek hartuko dute parte.
Eta aurrera jarraituko dugu. Hilaren 28an, eguerdiko 2etan, herri bazkaria izango dute Sondikan, Taberna Ibiltariaren abesti saioa eta guzti. Erandiok hartuko du lekukoa gauean, izan ere, herri afariaz gozatuko dute Altzaga ikastolan. Eta Lezaman ibilaldia egingo dute herriko bazterrak ezagutzeko. Aurregoiti Lauroetako jatetxean herri afaria izango da apirilaren 3an.
Korrika apirilaren 4an pasatuko da Txorierritik. Hori goiz-goiz izango da: goizeko 8etan, hain zuzen ere. Pasa ostean, txokolatada eta hamaiketakoa eskainiko dira herri guztietan, korrikalariek indarrak berri ditzaten. Era berean, umeentzako tailerrak, batukada eta kontzertuak egongo dira Derion goizeko 10etatik aurrera eta eguerdiko 2,30ean herri bazkaria egingo dute Arteaga jatetxean. Larrabetzun ere herri bazkaria izango dute eskolan. Horren ondoren, kantak eta txapelketak izango dira eta gauez erromeria egingo dute Hori Bai gaztetxean.
Korrika apirilaren 5ean ailegatuko da Gasteizera eta han jaialdi erraldoia ospatuko da. Txorierritik autobus bat aterako da goizeko 10,30ean.