Ekitaldi sorta zabala, Emakumearen Eguna ospatzeko

Aikor aldizkaria 2009ko ots. 20a, 14:49

Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna izango da eta Txorierrin handitasunez ospatuko dugu. Martxoaren 6an, 20:00etan, Las Gallegas antzezlana eskainiko da Sondikako Kultura Etxean, eta Derio, Zamudio eta Lezamako Udalek autobusa jarriko dute bertara joateko. Derion 25 urte... eta ikasten hitzaldia emango du Mª Elena Ayarza Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizate Saileko zuzendariak. Hitzaldia martxoaren 3an, 17:00etan, izango da Larrabarri baserrian. Hilaren 7an, 19.30ean, Las chicas del calendario zine-foruma edukiko dute Gurea Aretoan, Garbiñe Etxebarria psikologoaren eskutik; eta hurrengo egunean, 12:30ean, kontzentrazioa egingo dute Euskalerria kalean. Ikastaroak ere antolatuko dituzte. Martxotik ekainera bitartean ama izatearen gorabeheren gaineko ikastaroa egingo da; eta martxoaren 14an eta apirilaren 4an, defentsa pertsonala ikastaroa Doyan gimnasioan. Zamudion martxoaren 5ean egingo dute ekitaldi nagusia. Zamudiotorren, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Kamara Koralaren emanaldia egongo da eta horren ostean, La flor de Banarte obra eskainiko da. Lagatzu euskara elkarteak Emakumea eta Artea, koadroak begiratuz saioa antolatu du hilaren 9rako. Saioa 20:00etan izango da Zamudiotorren eta bertan Iker Landeta artean aditua arituko da hizlari. Beste alde batetik, Patricia Verdes abokatuak emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko hitzaldia emango du martxoaren 2an, 19:00etan, Lezamako Kultura Aretoan. Eta Laiak emakumeen elkartetik sortutako Ausartak antzerki taldeak Onna lana eskainiko du hilaren 8an, 20:00etan. Ekitaldi hau ere izango da Kultura Aretoan. Eta urira ailegatu gara. Katixa Agirre idazleak Habitat liburua aurkeztuko du martxoaren 5ean, 20:00etan, Anguleri Larrabetzuko Kultura Etxean. Hilaren 7an, 18.00etan, Jennyren lau arrazoi bakarrizketa izango da Kultura Etxean, eta hilaren 26an eta 27an erlaxazio tailerra egingo dute eskolako gimnasioan. Azkenik, hilaren 16tik 31ra bitartean Emakumeak lanean argazki erakusketa jarriko da ikusgai Kultura Etxean.