Hitzordua izan dute euskararekin Politeknikan

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 3a, 12:21

Otsailean Euskararen Eguna ospatu zuten Txorierri Politeknikako ikasle eta irakasleek. Jaialdiak hamargarren edizioa bete du aurten. Txupinazoak hasiera eman zion egunari. Txokolate beroa eskuartean zutela ikasgelen arteko lehiaketei ekin zieten: futbito, txingak, txapel jaurtiketa, mus eta pultsua, besteak beste. Defentsa pertsonalaren erakustaldia ere izan zen Galdakaoko Pencak Silat taldearen eskutik, eta Iker Vergara ikasleak aho bete hortz utzi zuen publikoa. Izan ere, beat-box saioa eskaini zuen eta bertan hainbat musika tresna imitatu zituen, eztarria, ahoa eta sudurra erabiliz. Sariak eman zizkieten lehiaketen irabazleei eta zozketa berezia ere egin zuten ikasleen artean: lagun birentzako dastatzeko menua, Laia hotelean. Horren ostean, bertso-bazkaria izan zuten Fikako sagardotegi batean. Jatetxean 126 lagun batu ziren eta bazkaria Gorka Ostolaza eta Ander Elortegi bertsolariek girotu zuten. “Zorionak eman behar dizkiegu ikasle zein irakasleei, denon arteko lanak eraman baikaitu egun hau behar den moduan ospatzera”, aipatu dute Politeknikatik.