Ongi etorria apirilaren 4an, zapatuz, emango diogu. Goiz jaiki beharko da, baina mereziko du. Korrikaren 16. edizioa Erandiogoikotik sartuko da goizeko 7,45 inguruan, eta handik Larrabetzura abiatuko da. Txorierriko herri eta txoko guztietatik pasatuko da, eta bat egingo du zain izango dituen euskaltzale guztiekin.
Etorri eta joan egingo du euskararen aldeko lasterketak. Kalkuluen arabera, hiru ordu eskas emango ditu gure bailaran, baina txorierritarrok luzatuko dugu egonaldi hori. Izan ere, eta aurreko alean aipatu bezala, ekitaldi sorta zabala izango da apirilaren 4an, Korrika pasatu ostean. Indarrak berritzeko, hamaiketakoa eskainiko da herri guztietan eta horren ondoren, kultura ekitaldiak egingo dira.
Sondikan umeentzako jolasak eta tailerrak egongo dira Ikurriña Plazan; eta karikaturak, nagusientzat. Zamudion argazki erakusketa egingo dute, eta lezamarrek aktibitate zirkuitu bat atonduko dute bizikletaz egiteko. Pilota partidak ere izango di-ra eguerdiko 12,30etatik aurrera.
Derion umeentzako tailerrak eta puzgarriak antolatuko dituzte eta “batukada†egingo da herriko kaleetatik zehar. Goizeko 11etan kontzertuak hasiko dira Herriko Plazan, Butronian, Habemus Ratas, Ilunpeko Gudariak, Metakbukake eta K6 taldeen eskutik. Larrabetzuarrek kantaldia, enkantea, txapelketak eta erromeria izango dituzte egun osoan zehar.
Aipatutako ekitaldiez gain, herri bazkariak eta afariak ere egingo dira martxoaren 27tik apirilaren 4ra bitartean.
Baina ekitaldiak aurretik ere izan ditugu. Korrikaren 16. edizioa martxoaren 6an aurkeztu zen Gurea Aretoan, Derion. Han 120 lagun inguru batu ziren. Arduradunek aurtengo edizioaren zehetasunak azaldu zizkiguten, eta Jon Maiak zuzendutako laburmetraiaren trailerra ikusteko aukera egon zen. Beste alde batetik, egunotan Korrikaren haritik Txorierrin izan ditugun ekitaldien artean hauek aipa ditzakegu: antzerkia, korrika txikia, kuestazioa eta arropa salmenta.
Eta azkenik, ez ahaztu! Korrika apirilaren 5ean ailegatuko da Gasteizera. Hara joateko autobusa goizeko 10:30ean aterako da Txorierritik.