Gastronomiaren Urtea, Derion

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 25a, 13:40

Derioko Ostalarien Elkarteak Gastronomiaren Urtea egingo du aurten, Udalarekin batera. Derio dastatu lelopean, hainbat ekimen burutuko dira apiriletik aurrera herriko hotelak, tabernak eta jatetxeak ezagutzera emateko asmoz. Honela, ardo, pintxo zein olio dastatzeak egingo dira, bestak beste. Gainera, lehiaketak, zozketak edo kontzertuak ere antolatuko dira. Oraindik ez dakite zehatz-mehatz non edo noiz egingo diren ekitaldiak, baina hiru hilabetean behin ekintza bat gutxienez antolatzeko asmoa dute. Kalea ekintzak hartzeko lekurik aproposena izango zen, antolatzaileen ustez, ahalik eta jende gehienek parte hartzeko. Ekitaldi horietako bat Athleticen Kopako finalari begira dabiltza prestatzen elkartea eta Udala, pantaila erraldoia jarriko baitute. “Herritarrak gurera etortzea nahi dugu”, esan du Santos Núñez hostalarien presidenteak. “Derio herri ezaguna da, baina jendea nekez hurbiltzen zaigu. Goi-mailako hotelak, jatetxeak, landa-etxeak edo tabernak ditugu Derion. Horregatik, derioztarrei ez ezik, kanpoko bizilagunei ere gu ezagutzera etortzeko gonbidapena luzatzen diet”, gaineratu du Lander Aiarza alkateak. Ostalaritzak herriari eskaintzen dion kalitatea azpimarratu dute kanpainaren sustatzaileek. Arlo horrek garrantzi handia dauka Derion. Izan ere, 30 saltokik osatzen dute ostalarien elkartea, eta jarduerak 120 lanpostu zuzen sortu ditu. “Euskal Herriko gastronomia ezaguna da mundu mailan: gure kulturaren zati handi bat da, dudarik gabe. Hori dela-eta, gastronomia bultzatzeko ekimenetan parte hartu eta horiek sustatu beharra du Udalak, enpresak herriko aktiboak baitira. Gainera, krisi garaian gaude eta gure laguntza inoiz baino beharrezkoa da”, adierazi du Aiarzak.