Txorierritarrok ongi etorri beroa eman diogu Korrikari

Aikor aldizkaria 2009ko api. 6a, 15:42

Txorierrira 30 minutuko atzerapena zuela sartu zen, baina bertoko euskaltzaleak zintzo-zintzo ibili ziren euskararen aldeko lasterketaren zain. Korrika inoiz baino arrakastatsuagoa izan da gurean; horren seinale, lasterketarekin bat egin zuten milaka eta milaka lagunak. Zapatua izan arren, nagiak atera eta goiz-goiz irten ziren txorierritarrak etxetik. Korrikak lasterkariak topatu zituen kilometro guztietan. Ibilbide luzeenak Sondikan eta Derion izan ziren, baina bertan ere ez zuen inork huts egin. Euskararen lekukoak eskuz esku gurutzatu zuen gure bailara: Erandiogoikotik Erletxera, tipi-tapa. Eta bidean ume zein gazte eta nagusirekin egin zuen topo. Agintariek, enpresen eta sindikatuen ordezkariek, euskara elkarteek eta dantza, kirol eta kultura talde gehienek ere ongi etorria eman zioten Korrikaren 16. edizioari. Korrika egiten ez zuenak animatzen zituen gainontzekoak. Bertoko soinu tresnen elkartekoek instrumentu eta guzti hartu zuten lasterketa, eta herritar askok balkoia apaindu zuten; Derion, adibidez, Korrikaren kartelek lekua partekatu zuten Athleticen banderekin. Larrabetzun ia herritar guztiak batu ziren euskararen lekukoaren zain, eta horiekin ibilbide osoa egin zuten txorierritarrek egin zuten bat; olio-ipurdia jarri zitzaion bat baino gehiagori. Erantzun ezin hobea eman dio Txorierrik AEK-k luzatutako deiari, eta arduradunak pozarren dabiltza. “Oso lasterketa arrakastatsua izan da, polita, eta jende gehien inplikatu dena”. Izan ere, lagun askok eta askok hartu dute parte antolatze lanetan. Horrezaz gainera, inoiz baino diru gehiago batu da “korrika laguntzaile” kanpainaren bidez. Sentitu, pentsatu eta ekin euskaraz Txorierritik Gasteizera abiatu zen Korrika, baina festak jarraitu zuen bailaran. Euriak ez zuen lausotu eguna, eta herri guztietan hamaiketakoak-eta antolatu ziren, herritarrek indarrak berritu eta lasterketaren gaineko iritziak elkartrukatzeko. Derion musika mota ezberdinetako talde gazteek eskaini zuten kontzertua, eta hainbat herritan egindako bazkariak erabat arrakastatsuak izan ziren. Iluntzean Hori Bai gaztetxekoek antolatutako erromeriara joan ziren guztiak. Eta hurrengo egunean berriro goiz altxatu behar. 2.054 kilometro gelditu barik bate ostean, Korrikaren 16. edizioa atzo ailegatu zen Gasteizera, bertan jende uholdea zain zuela. Txorierritik ere ehunaka lagun abiatu ziren Andra Mari Zubiaren plazara, Euskal Herri osotik etorritako euskaltzaleekin batera euskararen jai erraldoia ospatzera. Beste behin ere euskaraz bizi nahi duela aldarrikatu du herriak. Pirritx eta Porrotx pailazoek esan zuten moduan, "Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu eta ekin euskaraz!".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).