Txorierri Institutuko ikasleek laguntza eramango dute Tindufeko eskola batera

Aikor aldizkaria 2009ko api. 7a, 16:00
“Guztiak bat” NUYUM Gobernuz Kanpoko Erakundeak martxan jarritako proiektua da, eta horrek errefuxiatu sahararren kanpamentuetan dagoen eskola baten hezkuntza-eskaintza hobetzea du helburu. Eskola hori El Aaiunen dago, Tindufen, eta bertan 500 haur inguruk ikasten dute. Txorierri Institutuko ikasleek bat egin dute proiektuarekin eta domekan Argeliara abiatuko dira, eskola horretarako materiala eramateko. Bidaia batxilergoko lehenengo eta bigarren kurtsoetako 27 ikaslek egingo dute, eta kanpamentuetan astebete emango dute. Bidaian lau nagusik lagunduko diete. “Guztiak bat” proiektuari esker informatika gela sortuko da eta natura-zientzien laborategia materialez hornituko da. Era berean, eskolako gela guztiak berrituko dituzte. Ikasleek eramango duten materialaren artean hauek aipa ditzakegu: ordenagailuak, teknologia materiala eta berritze lanak egiteko beharrezkoa den materiala, besteak beste. Horrezaz gainera, eguzki-plakak ere eramango dituzte. Plakak eskolan jarriko dituzte, energia lortu ahal izateko. Ikasleek hango familien etxeetan hartuko dute ostatua eta proiektu solidario honetan parte hartzeaz gainera, sahararren egoera eta bizimodua ezagutzeko aukera izango dute. Proiektuak 47. 200 euroko aurrekontua du eta hainbat erakundek laguntzen dute diruz; Sondika, Derio eta Larrabetzuko Udalek, tartean. Sondikako Udalak 2.305 euro jarri du; 5.005 euro, Deriokoak; eta 1.800 euro, Larrabetzukoak. La Caixaren Derioko sukurtsalak ere 350 euro eman dio proiektuari.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).