San Isidro baserritarren zaindaria da, eta egun hori Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen dute; Txorierrin berton ere bai.
Zamudio-Derioko Lur-langileen Etxekoek zenbait ekintza antolatu dute maiatzaren 16rako. Horrela, meza izango dute goizeko 11:30ean, eta eguerdiko 13:30ean zaldi-probak izango dira. Probetan Egoitz Basaras (Zamudio) eta Javier Bidaurrazagaren (Derio) zaldiek hartuko dute parte. Horren ostean, Bazkideen arteko bazkaria egingo dute. Jaialdia trikitilariek girotuko dute.
Lezamako Baserritarren Elkartekoek ere meza edukiko dute goizeko 12etan. Idi-probak mezaren ondoren egingo dituzte, eta ekitaldian hauen idiak arituko dira: Aretxaga anaiak (Lezama), Jose Angel Bilbao (Zamudio) eta Jose Antonio Sistiaga. Bazkaria eguerdiko 3etan izango da.
Azkenik, Larrabetzun maiatzaren 12a arte zabaldu dute San Isidro Eguneko bazkarian izena emateko epea. Izena ematea Udaletxean, liburutegian eta Gure Etxean egin daiteke. Bazkal osten mus txapelketa egongo da, besteak beste.