Kirola, gero eta hurbilago txorierritarrengandik

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 26a, 11:01

Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daramatza “Kirolari ateak zabalik” jardunaldia bultzatzen. Ekimen horrek kirola herritarrei hurbiltzea du helburu, eta gizartearen arlo guztietan sustatu. Txorierrik ere bat egin du ekimenarekin, eta ekainaren 14rako hainbat ekintza antolatu dira herrietan. Sondikan, adibidez, ur-puzgarriak, squash txapelketa eta umeei zuzendutako aerobic maratoia egongo dira Artebe kiroldegian. Era berean, doan sartu ahal izango da igerilekuetara. Ekintzak goizeko 10:30etik aurrera egingo dira. Derion ere kirol ekintza sorta zabala antolatu dute, herriko talde eta elkarteen laguntzarekin. Besteak beste, hauek edukiko dituzte herrian: xakea, aerobica, bizikletak, futbitoa, two ball-a, pilota eta arku-tiroa. “Kirolari ateak zabalik” ekimena San Tomas jaien egitarauaren barruan egingo dute aurten Zamudion. Ekintzak goiz-goizetik hasiko dira eta euren artean, hauek aipa ditzakegu: ibilaldia ermitetatik, boloak, igel-toka, petanka eta arku-tiroa. Beste alde batetik, zirkuitu bat atonduko dute Lezamako kiroldegian. Zirkuitu horretan oreka, malgutasuna eta arintasuna lantzeko jokoak egingo dira, eta horretarako gune ezberdinak prestatuko dituzte. Lagun bakoitzak gune guztietatik pasatu beharko du eta egiteko aukera izango duen jokoen artean hauek aipa ditzakegu: boleibol, eskubaloia, igel-toka, txingak eta pisu-jaurtiketa. Era berean, joko klasikoak ere antolatuko dira: zelai errea eta oilo itsua, esate baterako. Jokoak goizeko 11etatik 13etara izango dira.