Txorierri ere greban

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 26a, 11:11

Gehiengo sindikalak grebara deitu zuen maiatzaren 21ean, eta deialdiak jarraipen zabala eduki zuen Hego Euskal Herrian. Besteak beste, eta sindikatuen arabera, lanuzteak nagusi izan ziren sektore hauetan: industria, merkataritza, garbiketa, toki- eta foru-administrazioak, hezkuntza eta eraikuntza. Grebak Txorierrin ere eduki zuen eragina, baina jarraipena ezberdina izan zen herrien eta industriguneen arabera. Horrela, Loiu eta Sondikako enpresa gehienek itxi zuten eta Troquenor enpresako langileek kontzentrazioa egin zuten fabrikaren aurrean. Zamudio eta Derioko industrigunetan, berriz, mugimendu handiagoa egon zen; hala ere, enpresa batzuek itxi zuten eta errepideetatik ohiko egunetan baino auto gutxiago ibili ziren. Grebak eragin txikia izan zuen Teknologia Parkean. Herrietan denetarik egon zen: grebara joan ziren komertzioak eta tabernak, eta pertsiana zabaldu zutenak. Larrabetzun, esate baterako, ia establezimendu guztiek egin zuten bat grebarekin; eta Derion, berriz, normaltasuna izan zen nagusi.