Astikene enpresa-parkea inauguratu dute Derion

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 29a, 14:16
Lander Aiarza Derioko alkateak eta Agustín Fernández Neinor Taldeko presidenteak Astikene enpresa-parkea inauguratu zuten atzo. Enpresa-parkea Bilboko aireportuaren ondoan dago eta 110.000 metro karratu ditu; azaleraren %88 komertzializatu da dagoeneko. Neinor Taldeak 50 milioi euro jarri du proiektuan. Enpresa-parkean 55 enpresa hartzeko tokia dago eta han 300 lanpostu inguru sortuko dira. Gune nagusi bik osatzen dute parkea. Horietako batek 25.000 metro karratuko azalera du eta bertan hirugarren sektoreko jarduerak eta bulegoak kokatuko dituzte. Holiday Inn hotela ere jarriko da gune honetan. Gainontzeko 85.000 metro karratuetan hiru eraikin altxatu dira, zeinetan 220 metro karratutik 3.750 metro karratura bitarteko pabiloiak kokatuko baitira. Ibai-paseo batek bereizten ditu gune biak. Inguruan berdeguneak atondu eta bertoko zuhaitzak landatu dituzte. Astikene azalera eraiki gutxien duen Bizkaiko enpresa-parkea da: lurzoru osoaren %20, hain zuzen ere. Ondorioz, espazio libre eta berdegune zabalak ditu, baita aparkalekuetarako azalera handia ere. Enpresa-jarduera martxan dago jadanik parkean, eta hotelaren eraikitze lanak nahiko aurreratuta daude. Hotelak 125 logela izango ditu. Astikene enpresa-parkea leku ezin hobean kokatu dute, Loiuko aireportutik hurbil egoteaz gainera, zuzeneko sarbidea baitu Txorierriko korridorerako. Kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, Astikene enpresa-parkea oso esparru egokia da, zerbitzu-sektoreko enpresak han ezartzeko; logistika eta biltegiratze-enpresak, esate baterako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).