Ekainaren 6an herri-paella jana izan zen Sondikan, “Ostegun miraritsuak†tailerretan egindako lana jendaurrean aurkezteko. “Ostegun miraritsuak†Xelo Bosch eta Cyrille Larpenteur artistek eta CONSONNI arte ekoizpen-etxeak bultzatutako ekimena da, eta maiatzaren 25etik 31ra bitartean eraman da aurrera. Proiektuak sondikoztarrek herriarekiko dituzten nahiak batu eta aditzera ematea du helburu. Baita horiek egi bihurtzea ere.
Tailerretan 100 herritar inguruk hartu dute parte: umeak, gazteak, helduak zein nagusiak. Eta guztiek ekarpena egin diote proiektuari. Era berean, herriko hainbat tokitan poteak jarri dituzte, eta horietan ere herriaren gaineko hausnarketak eta iradokizunak batu dituzte.
Artearen errekurtsoak herritarren parte-hartzearen oinarrizko metodoekin uztartu egin dira “Ostegun miraritsuak†ekimenean. Herri-paella jana aitzakiatzat hartuta, sondikoztarrek euren auzokideen iritziak, nahiak eta ametsak ezagutzeko aukera eduki dute. Eskaerak anitzak izan dira eta horien artean hauek aipa daitezke: igerilekuaren ordutegia hobetzea, tokiko komertzioa bultzatzea, babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzea, txakur-gorotzen arazoari konponbidea ematea, udal txoko bat sortzea, kosk egiten ez duen tigre bat egotea, zaldi-granja bat izatea, eta kulunka bat jartzea, Sondikako etxe guztietatik eskolara joateko. Herritarrek euren lana egin dute, eta nahiak errealitate bihurtu beharko dituzte artistek. “Mirariak†urriaren 3an eta 4an gertatuko dira.