2.000 etxe inguru intsonorizatu beharko ditu AENAk

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 18a, 15:42
AENAk Bilboko aireportua handitzeko asmoa du eta horren haritik, Ingurumen Ministerioak Ingurumen-inpaktuaren Adierazpena argitaratu du. Ministerioak onartu du handitze-proiektua; hala ere, neurriak ezarri ditu zarata-kutsadurari aurre egiteko. Horrela, egunez 60 dezibel baino gehiago eta gauez 50 dezibel baino gehiago jasaten duten etxebizitzak eta eraikinak intsonorizatu beharko dira. Neurriak Erandio, Loiu, Sondika, Derio eta Zamudioko guneetan du eragina. Atzo, Ingurumenaren jarraipen-batzordea osatu zen. Batzorde horretan hauek daude: AENA, Ingurumen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Udalak eta Lur Maitea talde ekologista. Aurreikuspenen arabera, 2.000 etxebizitza inguru intsonorizatu beharko dira Txorierrin. Hala ere, ez da datu zehatzik eman, eta Udal bakoitzak jakinarazi beharko dio AENAri zein den oinatz akustikoak eragina duen etxe-kopuru zehatza. Etxe horietan zarata-maila neurtuko da intsonorizatze lanak hasi aurretik eta ondoren. Lanak AENAk ordainduko ditu osorik, eta kaltetuek ez dute dirurik aurreratu behar izango. Erakunde publikoa harremanetan jarriko da kaltetuekin, eta formulario bat aginduko die intsonorizatze-planari hel diezaioten. Intsonorizatze lanak 2020. urterako amaitu behar dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).