Motorzaleek hitzordua izan dute Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2009ko uzt. 21a, 13:58

Argazkiak: Urko Lasarte

Herri txikia bada ere, Larrabetzun asko dira motorretarako zaletasuna dutenak. Motorzaleen kontzentrazioa antolatzea aspalditik buruan eduki duten ideia da, eta aurten animatu dira aurrera eramatera. Xaker Kirol Zerbitzuak eta Larrabetzu Racing elkarteak Motorzaleen Kontzentrazioa antolatu zuten lehenengo aldiz, irailaren 18an. Ekitaldian 50 motorrek eman zuten izena, eta guztira, 100 lagun inguruk hartu zuten parte egun osoan zehar egin ziren ekintzetan. Batzuk Txorierri eta Bizkaiko zenbait herritatik etorritako motorzaleak izan ziren; eta beste batzuk, jakin-minak bultzatuta hurbildu ziren ekintzetara. Goizean 55 kilometroko txangoa egin zuten, ibilbide-orria hau zela: Larrabetzu – Morga – Gerekiz – Errigoiti – Forua – Paresi – Arrieta – Gamiz – Larrabetzu. Herrira itzuli eta plazan, ikusgarri jarri zituzten motorrak. Besteak beste, motor klasikoak, modernoak eta kroseko motorrak ikusteko aukera egon zen bertan. Tabernetatik ibili ostean, herri-bazkaria izan zuten. Bazkaria Patxi Larruzea sukaldariak prestatu zuen, eta mahai inguruan 55 lagun batu ziren. Larruzeak marmitakoa prestatu zien motorzaleei. Bazkalostea Funkers jazz taldeak girotu zuen, eta arratsaldean Dj bat ibili zen musika jartzen. Sariak Strip-teasea motorzaleen kontzentrazioetan faltatu ezin den ekitaldia da, eta Larrabetzukoa ez zen salbuespena izan. Gauean emakumezkoen zein gizonezkoen strip-teasea izan zen. Ekitaldiak eztabaida sortu zuen, eta antolatzaileek denetariko kritikak jaso zituzten, “onak eta txarrak”. Beste alde batetik, hiru sari banatu ziren motorzaleen kontzentrazioan. Lehenengoa Patxi Larruzea sukaldariari eman zioten, prestatu zuen bazkari goxoagatik; eta bigarrena Unai Ortizek jaso zuen. Ortizek 1966. urteko vespa eraman zuen ekitaldira eta honi “motorrik politena eta zaharrena” saria eman zioten. Ignacio Mujika, Javier Barrenetxea, Eneko Dañobeitia eta Gabirel Egiluz segurtasun-neurriez arduratu ziren goizean egin zuten ibilalditxoan, eta horiei ere saria eman zieten. Antolatzaileak oso pozik dabiltza lortutako emaitzarekin, eta esan diguten moduan, prest daude motorzaleen kontzentrazioa datozen urteetan ere antolatzeko. “Oso gustura ibili gara guztiok, eta parte-hartzaileengandik entzun ditugun hitzak eta Txorierrin halako ekitaldirik ez dagoela kontuan hartuta, antolatzen jarraitzea merezi duela uste dugu”.