Euriak gogor jo du Txorierri

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 21a, 09:47

Argazkiak: Iñigo Aurrekoetxea

Euria barra-barra ari zuen joan den barikuan. Derion, esate baterako, 135 litro ur hartu ziren metro karratuko. Eguraldi txarrak gogor jo zuen Euskal Herriko hainbat herrialde, eta Txorierrin ere uholdeak izan genituen euritearen ondorioz. Besteak beste, errepideak, soloak, lonjak eta etxeak urez bete ziren gure bailaran. Iñigo Aurrekoetxeak argazkiak atera zituen Zamudion, eta horiek agindu dizkigu, euriak bertan eragindako ondorioak ikus ditzagun. Zuk ere zure herrian argazkiak egin badituzu, webgunera igo ditzakezu edo aikortxori@aikor.com helbidera agindu. Euria etengabe ari zuen egun osoan zehar, baina arratsaldeko 5etan zaparrada itzela bota zuen eta errekek gainezka egin zuten. Udaltzainek errepide batzuk moztu behar izan zituzten Derion: Loiu eta Sondikarako bideak, eta Ugaldeguren industrigune eta Bizkaiko Teknologia-Parkerako sarbideak, besteak beste. Era berean, Zamudion errepide gehienak itxi ziren zirkulaziorako: Torrelarragoiti industrigune eta ospitale psikiatrikorako sarrerak eta Exane bidea, batzuk aipatzearren. “Eskerrak ostirala zela, eta Parkeko langile gehienek 15:00etan alde egiten zutela; bestela, arazo larriagoak izango genituen”, esan digu Zamudioko udaltzaingoak. Kalte handienak jaso zituen aldea futbol-zelai ingurukoa izan zen, ura metro bateko altueraino heldu zen-eta. Santimami auzoko etxe batzuetan ere arazoak egon ziren. Beste alde batetik, Lauroetako txokoa urez bete zen, eta errepide batzuetan lur-jauziak egon ziren Loiun. Lezamako bideetan ere harriak eta lokatza garbitu behar izan zituzten. Hala ere, arazo larrienak herrigunean gertatu ziren, errekatik gertu baitago. Urak garajeak, frontoia eta tabernak hartu zituen bertan. Larrabetzun ere arazoak sortu zituen euriteak hainbat lekutan: frontoian, Sarrikola edo Zubitalde auzoetan, esaterako. Sondikari dagokionez, erreka inguruan izan zituzten arazoak, La Ola aldean, hain zuzen ere.