Gernikako Batzar Nagusiek 1688. urteko irailaren 24an hartu zuten aintzat San Kristobal Derioko elizatea. Harrezkero 321 urte igaro dira, eta udalbatzak lore-eskaintza egin du gaur Uribe parkean, iaz bertan jarritako oroigarri batean.
Lander Aiarza Derioko alkateak eta Jesus Lagunas kultura zinegotziak jakinarazi duten moduan, urrian ekimen berezia egingo dute urteurrenaren haritik: Batzar Nagusietara sarrera antzeztea. Fernando Ansoleaga da lanaren zuzendaria eta bertan 100 herritar inguruk hartuko dute parte; zinegotziak eta kultura eta kirol elkarteetako kideak, tartean.
Antzezlanak bost zati izango ditu, eta horietan garai hartako bizimodua, ohiturak eta egoera politikoa islatuko dira. Horrela, lehenengo ekitaldian hiru belaunalditako emakumeak azalduko dira etxean, eta bigarrenean eliztarrak aterako dira mezatik. Hirugarren ekitaldian baserritarrak agertuko dira merkatuan, eta laugarrenean Martinek eta lagunek solasaldia izango dute Batzar Nagusietan sartzeko beharrari buruz. Antonio Miguel de Zaldua eta Ugarte jaunak Derio aintzat hartzeko eskaera eramango du Batzar Nagusietara bosgarren ekitaldian, eta batzarkideek botoa emango dute.
Saio bi
Antzezlanaren amaieran danbor-arradak entzungo dira eta desfile bat egingo da. Desfilearen pertsonaia bakoitzak garai hartan Derion zeuden 20 baserritariko bat adieraziko du.
Antzezlana urriaren 24an izango da kiroldegian, eta saio bi emango dira: bata, arratsaldeko 8etan; eta bestea, gaueko 10etan.
Antzezlanean parte hartuko duten derioztarrak apirilean hasi ziren entseguekin. “Jendea oso animatuta dago eta lana aurrera ateratzeko gogo handia duteâ€, esan digu Lagunasek. “Oso ekitaldi polita izango da, herritarrei udalerriaren sorrera emango baitzaie ezagutzera. Izan ere, aurrera begiratu behar dugu, baina nondik gatozen jakindaâ€. Derioztarrak ez ezik txorierritar guztiak ere daude gonbidatuta.
Udala