“Mikel Zarate” Haur Literatura Saria

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 2a, 15:16

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak “Mikel Zarate” Haur Literatura Saria bultzatu dute. Sariak helburu bi ditu: alde batetik, haurrei zuzendutako irakurgai berriak sortzea; eta bestetik, idazleen lana sustatzea. Irabazleak 3.000 euro jasoko du saritzat. Gainera, Elkar argitaletxeak eleberri saritua eramango du plazara, saria jakinarazten denetik zortzi hilabeteko epean. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) sortutako ipuinak aurkeztu ahal dira, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak, eta aurretik saririk jaso ez dutenak edo argitaratu ez direnak. Gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50 izan behar dituzte idazlanek. Ipuinak Lezamako udaletxera bidali behar dira 2010eko martxoaren 1a baino lehen. Euskara batueraz ala bizkaieraz aurkezteko aukera dago. Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osatuko dute epaimahaia, eta erabakia 2010eko apirilaren 15a aurretik emango dute aditzera. Epaimahaiaren iritziz, gutxieneko kalitateko lanik ez balego, ez litzateke saririk emango. Mikel Zarate abade lezamarrak lan itzela egin zuen euskal kulturaren alde. Gainera, aurten bete dira 30 urte Zarate hil zenetik. “Mikel Zaratek, Lezama bere jaioterritik abiatuz, lan mardula burutu zuen idazle bezala, baita euskaltzale bezala ere. Eta horiek dira, hain zuzen ere, literatura sari honen bidez Lezamako Udalak uztartu nahi izan dituen alderdi biak, idazketa eta euskara”, esan zuen aurkezpenean Alaitz Etxeandia Lezamako alkateak. Lezamako alkateaz gain, besteak beste, Xabier Mendiguren epaimahaikidea eta Osvald Bilbao Lezamako Euskara zinegotzia ere egon ziren sariaren aurkezpenean. Gainera, Ritxar eta Gorka Zarate Mikelen senideek eskerrak eman zituzten egitasmoa martxan jarri izanagatik. Lanak bidaltzeko: Lezamako Udala – Mikel Zarate Saria 48196 Lezama