Euriak arazoak sortu ditu hainbat tokitan

Aikor aldizkaria 2010ko eka. 17a, 13:12

Joan den urteko irailean gertatutakoa berriro errepikatu zen atzo Txorierrin. Euriak barra-barra ari zuen, tregoa barik, eta Derion 112 litro ur hartu ziren metro karratuko. Euritearen ondorioz gainezka egin zuten errekek eta arazoak sortu ziren gure eskualdeko hainbat tokitan. Sondikan, Sangroniz industrigunean izan ziren arazorik larrienak, eta DYAk eta suhiltzaileek txalupa motordunaz atera behar izan zituzten hango langile batzuk. Ura auzoko baserri batzuetara ere sartu zen. Asuako errotonda zirkulaziorako itxi zen eta urak inguruko etxeak hondatu zituen. Loiutik Sondikarako bidea ere itxi behar izan zuten, eta Larrondo industrigunea urez bete zen. Udaltzaingotik azaldu duten bezala, zirkulazio-arazoak izan ziren ikastetxeak dauden inguruan. Guraso asko bertaraino autoz hurbildu ziren seme-alaben bila, eta horiek topo egin zuten autobusekin, zirkulazioa eragotziz. Deriotik Larrondorako bidea moztu behar izan zen hilerriaren parean. Urak sei auto harrapatu zituen gune horretan, eta garabiz atera behar izan zituzten handik. Euriteak Ugaldeguren I eta II industriguneetan ere sortu zituen kalteak, eta auzo-bide batzuk moztu ziren. Horrezaz gainera, garbiketa-lanak egin behar izan ziren hainbat lekutan: arketak garbitu eta adarrak eta basoa kendu, esate baterako. Zamudioko kiroldegia, erabat hondatuta Besteak beste, uholdeak egon ziren Zamudioko inguru hauetan: Santimami auzoa, Deribi baserria dagoen ingurua eta Teknologia Parkerako sarbidea. Errepideak trafikorako itxi ziren hainbat tokitan, eta zirkulazio-arazo handiak izan ziren Lezama eta Derio arteko tartean. Ura etxe eta baserri batzuetara sartu zen, eta futbol-zelaia basoz bete zen. Hala ere, arazorik larrienak kiroldegian sortu ziren. Ura gimnasiora eta aldageletara sartu zen, eta makina-gelan 1,5 metrora ailegatu zen, hango tresna guztiak hondatuz. Kiroldegia itxita dago publikorako. Beste alde batetik, garrantzi gutxiko arazoak sortu zituen euriteak Lezaman eta Larrabetzun. Lezaman estolda-zuloak eta errekaren inguruak ibili ziren garbitzen. Zuhaitz bat erori zen Larrabetzun eta urak igerilekuaren ingurua hartu zuen. Lur-jauziren bat ere egon zen.