Futbola, oinarriak euskaraz

Aikor aldizkaria 2010ko eka. 21a, 14:24

TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta Itzarri Aholkularitza enpresak Futbola, oinarritik euskaraz liburua aurkeztu dute gaur Sondikako Udaletxean. Liburua futbol entrenatzaileei dago zuzenduta, eta kirol arloan euskara bultzatzea du helburu. Koikili Lertxundi Athleticen jokalariak eta Mikel Aramaiok egin dute lana eta besteak beste, teknika, taktika eta estrategia jorratu dituzte bertan. Txorierriko Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestu dute liburua. Itzarri enpresak entrenatzaile euskaldunen eskola jarri du martxan gurean, bertoko futbol entrenatzaile gazteek entrenamenduak euskaraz eman ahal izateko. Klase teorikoak Bilboko Euskararen Etxean egin dira eta hil honetan amaituko dira. Klase praktikoak, berriz, Sondikako futbol zelaian hasiko dira irailean. Liburua klasean ikasitakoaren osagarria da eta entrenatzaileek laguntza-materialtzat erabiliko dute. Gorka Carro Txorierriko Mankomunitatearen presidenteak azaldu duen bezala, entrenatzaile euskaldunen eskola Mankomunitateak aspaldian martxan jarri nahi zuen egitasmoa da. “Proiektua Txorierrin eratu dugu, baina gure asmoa Bizkaira eta, ahal izanez gero, Euskal Herri osora zabaltzea da”, aipatu du Koikili Lertxundik. Liburua Txorierriko eskoletan eta futbol taldeen artean banatuko da.