TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak Baserri Antzokia proiektuaren berri eman zuen duela hilabete batzuk. Baserri Antzokiak Txorierriko eta inguruko euskaltzaleen topagunea izatea du helburu, eta euskara eta euskal kultura edukiko ditu ardatz nagusitzat. Proiektua herriz herri dabiltza aurkezten.
Lehenengo aurkezpena Zamudion egin zuten atzo, Lagatzu bertako euskara elkarteak antolatuta. Crazy Guitar tabernan 65 lagun inguru batu ziren; Sorkunde Aiarza alkatea, kultura eta kirol taldeetako ordezkariak, dendariak eta herritarrak egon ziren horien artean. Besteak beste, proiektuaren ildo nagusiak eta Baserri Antzokiaren bazkidea izateak dakartzan abantailak azaldu zizkieten bertaratutakoei.
Hurrengo aurkezpena Uribarri Lezamako Topalekuan egingo dute barikuan. Ekitaldia Zorrizketan euskara elkarteak antolatuko du eta iluntzeko 8etan izango da.