Uritarra Larrabetzuko Futbol Eskolak Futbol 7ko Txapelketa Solidarioa antolatu du bigarren aldiz. Txapelketa ekainaren 11n, 12an eta 13an egingo dute. Partidak arratsaldean jokatuko dira barikuan; eta goizean zein arratsaldean, zapatuan. Finalaurrekoa eta finala domeka goizean izango dira. Txapelketan Euskal Herritik etorritako taldeek ez ezik Estatukoek ere hartuko dute parte. Lehenengo fasean hauek arituko dira: Deustu, Danok bat, Santutxu, Barakaldo, Santurtzi, Peña Athletic Galdames, Arteaga, Arratiako selekzioa, Ugeraga, Romo, Getxo eta Gernika. Eta bigarren fasean hauek ibiliko dira lehian: Atlético de Madrid, Athletic, Zaragoza, Villarreal, Eibar, Uritarra, Sporting de Gijon eta Baionako Aviron.
Bestalde, txosna bat egongo da hiru egunetan, eta han ogitartekoak eta edariak jarriko dira salgai. Horrezaz gainera, herri bazkaria egingo da zapatuan eta egun osoan zehar ere hainbat ekintza izango dira: aizkolariak, bertsolariak eta umeentzako tailerrak, tartean. Txapelketari esker batzen den dirua Gure Señeak Derioko elkarteari emango diote.