Bilduk alkatetza eskuratu du Larrabetzun; EAJk gainontzeko herrietan

Aikor aldizkaria 2011ko maiatzaren 23a

Euskal Herrian bezala, Bildu indarrez sartu da Txorierriko udaletxeetan. Horrela, boto gehien jaso duen alderdia izan da Larrabetzun, eta bigarren alderdia da gainontzeko herri guztietan. Larrabetzun sei zinegotzi eskuratu ditu; Loiun, hiru; Sondikan, hiru; Derion, hiru; Zamudion, lau; eta Lezaman, bost. Bestalde, EAJk gainontzeko alkatetzak lortu ditu, hala ere, Derion izan ezik (zazpi zinegotzi), zinegotziak galdu ditu herri guztietan: Larrabetzun, bat (hiru zinegotzi, 2011n; eta lau, 2007an); Loiun, hiru (zazpi, 2011n; eta 10, 2007an); Sondikan, bi (sei, 2011n; zortzi, 2007an); Zamudion, bi (zazpi, 2011n; bederatzi, 2007an); eta Lezaman, bi (sei, 2011n; zortzi, 2007an). PSOEk zinegotzi bat galdu du Derion (bi, 2011n; hiru 2007an); beste bat, Lezaman (zero, 2011n; bat, 2007an); eta beste bat, Zamudion (zero, 2011n; bat 2007an). Sondikan zuen zinegotzia mantendu du. PPk Derion, Loiun eta Sondikan zuen zinegotzi bana mantendu du, eta EBk Larrabetzun, Lezaman eta Zamudion zuen zinegotzi bana galdu du. Abstentzioa % 32,26koa izan da Derion; % 17,84koa, Larrabetzun; % 26,87koa, Lezaman; % 28, 65ekoa, Loiun; % 28,11koa, Sondikan; eta % 28,82koa, Zamudion. Batzar Nagusiei dagokienez, EAJk 22 batzarkide lortu ditu Bizkaian; Bilduk, 12; PSEk; bederatzi; eta PPk, zortzi.