Tapoiak biltzeko kanpaina, Garikoitz eta Mikeli laguntzeko

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 10a, 11:27

Garikoitz (Larrabetzu) eta Mikel (Urtuella) sei urteko mutikoak dira eta ezohiko gaixotasuna dute, izenik ere ez duena: ezin dute elikagairik hartu, euren organismoan horiek eragin suntsitzaileak dituztelako. Umeek aminoazido-formula bat hartzen dute elikagaitzat, sabelean duten zulotxo baten bitartez. Gaixotasunaren gaineko ikerketarik ez dago gaur egun. Umeen amek Garmitxa elkartea sortu dute eta, besteak beste, plastikozko tapoiak biltzeko kanpaina jarri dute abian. Txorierriko Mankomunitateak bat egin du kanpainarekin eta tapoiak batzeko ontziak jarri ditu leku hauetan: Derioko Kultur Birikan, Larrabetzuko herri ikastetxean eta udaletxean, Lezamako herri ikastetxean eta udaletxean, Loiuko udaletxean, Zamudioko herri ikastetxean, eta Sondikako Herri Ikastetxean eta Artebe Kiroldegian. Kanpainari esker batzen den dirua ikerketara zuzenduko da.