Larrazabal Lezaman hasi da lanean

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 20a, 13:29

Uztailean Athletic Clubeko presidentea izateko hauteskundeak izan ziren, eta bazkideek Josu Urrutia hautatu zuten. Eurekin batera, hainbat langile berri sartu dira klubera, eta Aitor Larrazabal loiutarra da haietako bat. Larrazabal eta Urrutia urteetan jokatu zuten elkarrekin Athleticen. Defentsa ohia hobetze-prozesuak hartu ditu arduratzat, eta harrobian egiten du lan, Lezamako eskolan. Larrazabalek harreman estua izango du Jose Mari Amorrortu kirol-zuzendariarekin eta Marcelo Bielsa lehen taldeko entrenatzaile argentinarrarekin, esate baterako. Hasiera batean, Bilbao Athletic entrenatzeko aukera izango zuela esan zen, baina Aitorrek ez du estatu mailako entrenatzaile-txartelik, eta azkenean Jose Angel “Cuco” Ziganda jokalari ohia jesarri da bigarren taldeko eserlekuan. Loiutarra Lemoa taldea entrenatzen ibili zen aurreko denboraldian, eta talde arratiarrarekin Federazio Kopa irabazteko zorian egon zen.