Partida honetan, euskara irabazle

Aikor aldizkaria 2014ko api. 25a, 13:05

Lau urte bete dira TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta Itzarri aholkularitza enpresak Txorierriko Kirola Oinarritik Euskaraz egitasmoa jarri zutenetik martxan. Egitasmoak futbol entrenatzaileak euskaraz trebatzea du helburu, eta lan horretan, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere eduki dute. Nolanahi ere, proiektua beste arlo batzuetara zabaldu da, eta aurten Txorierriko saskibaloi taldeek ere hartu dute parte bertan; hauek hain zuzen ere: Sondikako Gorondagane, Lauro eta Derioko Saskibaloi Taldea. Futbol arloan talde hauek aritu dira: Sondikako Gorondagane, Sondika Kirol Elkartea eta Zamudioko Kirol Elkartea. Atzo ekitaldi bat antolatu zen Politeknika Ikastegia Txorierrin, ikasturte honetan egitasmoan parte hartu duten entrenatzaileei eta futbol elkarteei zein eskolei esker ona adierazteko. Hala, partidatxoak jokatu ziren eskolan aritu diren taldeen artean eta partida horietan irabazle bakarra egon zen: euskara. Ostean, proiektua aurrera ateratzen lagundu duten elkarteei, entrenatzaileei eta banakoei eman zieten sari bana. Bestalde, aipatu beharra dago ekitaldiarekin futbol eta saskibaloi arloan ezagunak diren kirolariek egin zutela bat. Hala nola Iraia Iturregi eta Borja Ekiza, Athleticen jokalariak; Aitziber Juaristi “Tzibi”, Athleticen emakumezkoen taldeko jokalari ohia; eta Roger Grimau, Bilbao Basket taldeko jokalaria. Kopaua aukera aparta izan zen kirolaz eta euskaraz mintzatzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).