Berrehun eta hogeita hamar pertsona inguru batu ziren irailaren 21ean Sondikan, Altzora hango euskara elkarteak antolatutako Euskal Jaiarekin bat egiteko. Elkartea pozik azaldu da herritarrek eta Txorierriko euskaltzaleek emandako erantzunarekin eta, azaldu duten moduan, ekintza hau urteko egutegian hitzordu finkoa bihurtzea dute helburu.
Goizean umeei zuzendutako zirko tailerra eta hegazti harraparien erakustaldia egon ziren, eta herri bazkarian euskara eta giro ona izan ziren nagusi. Taberna ibiltaria jo ta ke ibili zen bazkalondoan, euskal kantutegia errepasatzen eta han bildutakoak eurekin batera kantatzera animatzen. Egia esan, ez zitzaien lan askorik kostatu. Jaiak luze jo zuen.