Iaz, Txorierriko Mankomunitateak AhoZgozatu kanpaina antolatu zuen lehenengo aldiz. Kanpainak ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzea eduki zuen helburu eta oso arrakastatsua izan zen, bai han parte hartu zuen taberna-kopuruaren aldetik, bai tabernetara hurbildu zen bezero-kopuruaren aldetik. Gainera, parte-hartzaileek oso kalitate handiko pintxoak eskaini zituzten, goxo-goxoak eta euskara zaporekoak.
Ekimenak eduki zuen arrakastaren ondorioz, hura berriro antolatzea erabaki dute aurten. Kanpaina urriaren 9an, domekan, izango da goizeko 12:30etik eguerdiko 15:00etara. Orotara 20 tabernak hartuko dute parte han. Txorierritarrek pintxoak euskeraz eskatu eta gozatu baino ez dute egin beharko eta horren truke, merkeago edukiko dituzte pintxoak. Gainera, pintxoari eusten dion zotzean haren osagaiak zeintzuk diren azaltzen duen txartela egongo da atxikia, dena euskara hutsean. Herri bakoitzean “Pintxorik onena†aukeratuko da. Tabernetan txarteltxo batzuk ipiniko dira eta bezeroek pintxorik gustukoena markatu beharko dute bertan. Txartela betetzen duten lagunak sari baterako zozketan sartuko dira.
AhoZgozatu kanpainak nobedadeak ekarriko dizkigu aurten. Horrela, tabernek gehienez hiru pintxo aurkeztu ahalko dituzte lehiaketara. Nolanahi ere, lehiaketa egin ostean aukera dute Euskara Zerbitzura jo eta nahi beste pintxoren ezaugarriak txarteletan euskaratzeko eskatzeko. Bestetik, kanpainaren antolatzaileek tabernarien eta bezeroen artean ohikoak diren elkarrizketatxoak prestatu dituzte. Elkarrizketatxoak euskaraz ez dakiten tabernarien artean zabalduko dira, horiek ere kanpainan parte hartu ahal izateko eta euren negozioetan euskara bultzatzen hasteko.
Parte-hartzaileak
-Derio: Adarve, Batzokia, Amaiketako, Rockefeller eta Udondo.
-Larrabetzu: Etorki, Gazteleku eta Aretxabala.
-Lezama: Lejarrene, Oxangoiti, Grisson eta Batzokia.
-Loiu: Gure etxea, Loiu hotela, Batzokia eta Txakur-txori.
-Sondika: Egarri, Batzokia eta Tindaya.
-Zamudio: Errota.
Aurreko edizioaren pintxorik onenak
AhoZgozatu kanpainak gustu ona utzi zigun joan den urtean. Tabernarien maila altuko pintxoek atsegin eman ziguten, eta aukera izan genuen horiek euskaraz gozatzeko. Muga oso goian jarri zuten eta ahalegindu beharko dira aurten. Ahogozoa egiteko, errepasoa egingo diegu aurreko edizioaren irabazleei.
-Derio: Bakailaoa piper berdearekin, kipula karamelatuaren gainean – Txoria taberna.
-Larrabetzu: Bakailaoa, porrusalda pil-pilarekin – Batzokia.
-Lezama: Ahuntz gazta, kipula karamelatuarekin – Oxangoiti taberna.
-Loiu: Hirugihar-kurruskaria, odolostearekin – Batzokia.
-Sondika: Gilda – Egarri taberna.
-Zamudio: Iberiko haizea – Errota jatetxea.