Badatoz gure izarrak

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 22a, 11:48

Gurean talentu handiko gazteak daudela argi gelditu zen joan den urtean, Izarren distira! Lehiaketaren lehenengo edizioan. Hura oso ekimen arrakastatsua izan zen: alde batetik, gazteek interes handia erakutsi zuten lehiaketarekiko; eta bestetik, gala hartu zuen aretoa jendez bete zen leporaino. Lehiaketa bigarren aldiz antolatu du aurten Txorierriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Castinga urriaren 17an izango da Zamudion, eta urriaren 18an, Derion. Gainera, gazteak gehiago trebatzeko, tailerrak ere egingo dira. Finalera ailegatzen diren gazteek aukera edukiko dute azaroaren 5ean euren balioa jendaurrean erakusteko. Gala arratsaldeko 7etan izango da Sondikako Kultur Etxean, eta Revolta permanent hip hop taldeak kontzertua eskainiko du han. Lehiaketan 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteek har dezakete parte, eta aukera bi dago izen-ematea egiteko: mezu bat agindu info@izarrendistira.com helbide elektronikora, edo 663 083 736 telefono zenbakira deitu. Datu hauek eman beharko dituzte: izen-abizenak, jaiotze data, ikastetxea, telefono zenbakia eta posta elektronikoa. Arauei dagokienez, ikuskizunak euskara hutsean izan beharko dira eta gutxienez minutu bi, eta gehienez 10 minutu, iraungo dute. Parte-hartzaileek ikuskizun bakarra aurkeztuko dute. Gehienez sei lagunek osatutako taldeak onartuko dira, eta taldeetan neskak eta mutilak egotea baloratuko da. Sariak galan bertan banatuko dira eta orotara hiru sari egongo dira: argazki kamara bana, irabazleentzat; MP5 bana, bigarrenentzat; eta 30 euroko “Elkar” opari-txartela, hirugarrenentzat.