Bideokopla lehiaketa

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 15a, 13:49

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta AEKren Praktikatu egitasmoak Bideokopla Lehiaketa jarri dute martxan. Lehiaketak helburu bikoitza du: alde batetik, euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea; eta bestetik, bertsoek euskara praktikatzeko eskaintzen dituzten aukerak erakustea. Parte-hartzaileek bideo bat sortu beharko dute eta horretarako, koplak hartu beharko dituzte oinarritzat. Lehiakideak lagun bitik gorako taldeetan bilduko dira, eta sei koplatik hamabi koplara bitarteko sorta bat osatu beharko dute. Koplok bideo batean grabatuko dituzte, gai hau ardatz dutela: Euskaraz bizi nahi dut, dugu, duzu, zaitut... Doinua libre izango da. Lehiaketa helduen euskalduntzeko zein mintzapraktika egitasmoetako edozein erakundetan dabiltzan taldeei dago zuzenduta. Eta, hala eskatuz gero, bertsolari baten laguntza jaso ahalko dute. Izan ere, AEK eta Bertsozale Elkartearen arteko hitzarmenari esker, Euskal Herri osoko bertso-eskolak prest daude euren laguntza behar duen edozein talderekin aritzeko. Bideoak praktikatuaek@gmail.com helbidera agindu behar dira martxoaren 25a baino lehen. Talde irabazleak bertso-bazkari edo afaria jasoko du saritzat. Epaimahaia Bertsozale Elkarteko kideek osatuko dute. Hala ere, edonork aukera edukiko du, Praktikatu AEK facebookeko orrialdean sartu eta bere gustukoa den bideoa bozkatzeko.