Literiatura ekimenak, Arrekikili Larrabetzu euskara elkarteak eta Tximintx Derioko euskara elkarteak Liburu trailer Lehiaketa antolatu dute. Azaldutakoaren arabera, trailerrak egiten dira filmak promozionatzeko, eta liburu trailerra gauza bera da, baina liburuekin.
Parte-hartzaileek euskaraz idatzitako edo euskarara itzulitako edozein libururi buruzko bideoa egin ahal izango dute. Horretarako, edozein formatu eta edozein estilo erabili daiteke. Lanean argi azaldu beharko da zein den promozionatu nahi den liburua, haren egilea eta argitaletxea. Bideoa askoz jota bost minutukoa izango da, baina hiru minututik beherako lanak ere onartuko dira. Bideoa euskaraz izan behar da, eta beste hizkuntzetako azpitituluak eduki ahal izango ditu. Bestetik, lizentzia librea eduki beharko du: CC BY, CC BY-SA edo CC BY-ND.
Lanak maiatzaren 23ra arte bidali daitezke liburutrailerra@gmail.com helbidera. Egileak nortzuk diren eta promozionatu nahi den liburua zein den argi adierazi beharko da. Bideoa interneteko edozein atarira igo daiteke lehiaketaren epea amaitu aurretik; hala egin ezean, lehiaketako atarira igoko dute antolatzaileek.
Epaimahaia literaturan aditu batek, zinemagintzan aditu batek eta Literaturia ekimenaren antolatzaileetariko batek osatuko dute. Irabazlea Literaturia egiten den asteburuan igarriko dute, eta liburu-sorta bat jasoko du saritzat. Lehiaketara agindutako bideoekin emanaldia antolatuko da.