Mihiluze Txapelketa erabat arrakastatsua izan da Txorierrin

Aikor aldizkaria 2012ko eka. 22a, 15:33

Argazkia: DerioKOmunikazioa

Ekainaren 1ean, “Mihiluze Txorierrin” lehiaketako finala izan zen Derioko Kultur Birikan. Txapelketak ikusmin handia sortu du gure gaztetxoen artean, eta aretora pila bat lagun hurbildu ziren. Gehienek txapelketaren kamiseta zuten jantzita, eta pankartak-eta eraman zituzten, haien herriko taldea animatzeko. Finalean hiru bikote aritu ziren eta hura sondikoztarrek irabazi zuten. Saritzat Warner Bros Parkera bidaia bana jaso zuten. Bigarren Lezamako bikotea lotu zen; eta hirugarren, Deriokoa. Lezamarrei Iparraldera bidaia bana eman zieten saritzat; eta hirugarrenei, Senda Viva natura-parkera bidaia bana. “Mihiluze Txorierrin” Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak martxan jarritako ekimena da. Euskara Zerbitzuaren helburu nagusienetako bat, euskara eskolatik atera, eta gazteek aisialdian eta egunerokotasunean ere erabiltzea da. Azaldu digutenaren arabera, ekimen honekin asmatu dute. Izan ere, txapelketan 5. eta 6. mailetako 114 ikasleek hartu dute parte (Txorierriko eskola publikoetan, 246 ume daude maila horietan), eta 16 kanporaketa, bost final (bat, herri bakoitzean), finalaurreko bi, eta Txorierri mailako final bat egin dira. “Oso ekimen aproposa izan da.Konturatu gabe, eta oso modu ludikoan, euskara erabili ez ezik, hizkuntza landu ere egin dute gaztetxoek, txapelketa hasi baino lehen eta hark iraun duen bitartean ludotekan, etxean, ikastetxean... praktikatzen ibili direlako”. Egindako esfortzua ageri gelditu zen finalaren egunean. Hala, irabazleek gehienez egin ahal ziren puntuak lortu zituzten, eta bigarren eta hirugarrenak ere puntu gutxira gelditu ziren. Txapelketa erabat arrakastatsua izan dela zalantzarik ez dago, eta ETBko saioan ere hemengo berri izan dute. Mankomunitateko euskara teknikaria, kultur suspertzaileak eta ludoteketako arduradunak batuko dira datozen egunotan, aurtengo txapelketa aztertu eta datorren urtean ezarri beharreko hobekuntzen gainean aritzeko.