Badatoz Txorierriko izarrak

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 25a, 09:48

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak Izarren Distira Talentu Lehiaketa jarri du martxan hirugarren aldiz. Lehiaketa 1994. urtetik 2000. urtera bitartean jaiotako gaztetxoei dago zuzenduta, eta irabazleak Port Aventurarako bidaia jasoko du saritzat. Gazteak bakarka edo taldeka aurkez daitezke lehiaketara, eta gehienez sei parte-hartzaile onartuko dira talde bakoitzean. Lanak euskara hutsean izan beharko dira eta minutu bitik hamar minutura bitarteko iraupena edukiko dute. Casting-ak abenduaren 13an izango dira Zamudion, eta, hurrengo egunean, Derion. Gala abenduaren 22an egingo da Sondikako Kultur Aretoan. Bestetik, antolatzaileek kazetaritza tailerra antolatu dute aurtengo ediziorako. Tailerrean parte hartzera animatzen direnek lehiaketaren gaineko artikuluak, elkarrizketak eta abarreko lanak egingo dituzte. Lan guztien artean onena aukeratuko da, eta zazpi hazbeteko tablet-a jasoko du saritzat. Horrezaz gainera, lana Aikor! aldizkarian argitaratuko da.