i-26 Txorierrin

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 27a, 11:11

Atzoko Greba Orokorrak oso erantzun desberdina eduki zuen Txorierrin. Hala, saltoki guztiak itxita izan ziren Larrabetzun, baina denda asko zabalik egon ziren gainontzeko herrietan. Enpresetan ere erantzun gorabeheratsua egon zen. Goizean kale-agerraldia egin zen Larrabetzun, eta arratsaldean, manifestazioa Derion. Manifestazioan 200 lagun inguruk hartu zuten parte. Beste alde batetik, grebara deitu zuten sindikatuen arabera, industria sektoreko enpresa gehienek bat egin zuten deialdiarekin, eta haren eragina eraikuntza arloan ere izan zen oso nabarmena. Ikastetxe publikoen %75 eta haurreskolen %85 itxita izan ziren, eta greba erabat arrakastatsua izan zen unibertsitateetan. Garraio publikoari dagokionez, deialdiak erantzun handia izan dela azaldu dute, eta administrazioan jarraipena %70 baino handiagoa izan zela. Erantzuna txikiagoa izan zen Osakidetzan, “gutxieneko zerbitzuen eraginez, neurriz kanpokoak izan zirenak”, esan zuten. Sindikatuak pozik azaldu dira atzo izandako erantzunarekin; Gasteizko gobernuak, berriz, grebak eragina administrazioaren %25ean eduki zuela aipatu dute, eta sektore pribatuaren %20an. Confebask bat dator azken datu honekin. Bien ustez, porrota izan zen deialdia.