Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko ekitaldiak

Aikor aldizkaria 2012ko urr. 24a, 13:19

Azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguna izango da, eta Txorierrin data horren inguruan egingo diren ekitaldi batzuen berri eduki dugu. Hala, kontzentrazioa egiteko asmoa dute Loiun, eta Sondikako Kultur Aretoan Solas zine-foruma emango da. Hori azaroaren 23an, 18:00etan, izango da. Clara Campoamor elkarteak hitzaldia eskainiko du “Genero indarkeriaren kontrako borrokaren garapena, Euskadin” lelopean. Hitzaldia azaroaren 20an izango da 17:00etan, Derioko Kultur Birikan. Azaroaren 23an, Luna Llena antzerki taldearen Gente guapa, gente importante lana ikusteko aukera egongo da Gurea Aretoan, 19:30ean. Eta azaroaren 25ean, 12:30etan, manifestazioa aterako da San Isidro elizaren aurretik. Manifestazioa Herriko Plazara abiatuko da, eta han kontzentrazioa egingo da eta manifestua irakurriko dute. Horrezaz gainera, zuhaitz bat landuko dute indarkeria jasotzen duten emakumeen oroimenez. Azaroaren 22an eta 23an, “Norenak dira lanbideak?” lehiaketa egingo da Zamudioko ludotekan. Era berean, Gazte estazioan komikiak erabiliko dituzte gazteekin eraso sexistei buruz hausnartzeko. Saioa azaroaren 23an izango da, 18:30etik 20:30era. Azaroaren 24an, 11:30ean, txotxongiloen ikuskizuna eskainiko da liburutegian, eta 19:00etan helduentzako ipuin kontalaria arituko da Zamudiotorren. Azaroaren 25ean, 12:00etan, kontzentrazioa egongo da Sabino Arana plazan. Lezaman Argazki Lehiaketa antolatu dute eta sariak azaroaren 23an, 19:30ean, banatuko dituzte Kultur Etxean. Azkenik, Maite Franko ipuin kontalariak Bizardudinak ikuskizuna eskainiko du Larrabetzun. Lau urtetik zazpi urtera bitarteko umeei dago zuzenduta eta azaroaren 23an, 18:00etan izango da Anguleri kultur etxean. Egun horretan ere, 19:30ean, banatuko dituzte ipuin laburren sariak.